XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irribarrez dago. Maitatua, gutxienez mirestua, sentitzen denaren airea begiradan, ezpainak ixteko moduan.

Oso aho handia du eta begiak... Begiak urrutiegi daude elkarrengandik.

Higuingarri zaizu zure burua eta behartzen duzu aitortzera guapa dela, emakume ederra dela Elisabeth.

Erretratuari begira segitzen duzu, zutik, eskuak albornoz arrosaren sakeletan.

Oso ezpain ederrak ditu. Haragitsuak.

Zenbat interesgarriago egiten zaizkizun emakumeak gizonak baino. Zenbat erakargarriago.

Zenbat gehiago, nola, esnatzen dizuten jakinmina.

Jakinmina, inbidia, ikasi-nahia, mirespena, baina beti ere gehiago. Zerbait gehiago.

Emakumeak zu dira.

Atzera zeure gelarantz.

Oraingoan ere ez zara sukaldean sartzen.

Ez duzu gosaria prestatzen hasi nahi.

Sukaldetik haranzkoan, lasaiago zapaltzen duzu lurreko egur zaharra, zarata ateratzeko beldurrik gabe.

Argizaria behar du egur horrek.

Andrés dutxan entzuten duzu. Bainugelako atea erdi-irekita dago, lurrunak ispilua estali du.

Sartzean, epeltasun hezeak biltzen zaitu.

Con permiso? deitu duzu